I. Topa Eszenika Usurbilen
Irailaren 3tik 6ra bitartean euskarazko antzerki- esperimentazioko tailerrak eta ikuskizunak izango dira herrian

I. Topa Eszenika
Irailean Usurbilen egingo den Topagune honek, baditu bi aurrekari: Aulestiko Artedrama Euskal Laborategia (ADEL) eta Zarauzko “Brainstorming”.
Topagune honetan antzerki esperimentazioko tailerrak eta ikuskizunak izango dira euskaraz. Antzerkizale eta antzerkilariei zuzendua dago topaketa. Horrez gain, herritarrek ere kalitatezko antzerki lanez gozatzeko aukera paregabea izango dute.
Topa Eszenika Txerriki antzerki taldeak eta Artedramak antolatu dute Usurbilgo Udalaren babesarekin. Topa Eszenika lehenengo aldiz antolatzen da Usurbilen eta Kale Antzerki Egunak izandako arrakasta ikusita, espero da honi ere herritarrek harrera ona egitea.
Topa Eszenikako antzerki-esperimentazio tailerrak Sutegin izango dira eta bertan parte hartzeko matrikula egin behar da. Plazak mugatuak direnez izen-ematea lehenbailehen egitea gomendatzen da. Punta puntako irakasleak izango dira bertan, Ander Lipusen zuzendaritzapean.
Ikuskizunak, berriz, herriko gune desberdinetan izango dira: Sutegin, Artzabalen, Udarregi Ikastolan… Antzerki ikuskizun hauek irekiak dira, edonor joan daiteke ikustera. Batzuk doan izango dira, eta beste batzuk, berriz, bi euroren truke ikustekoak.

Egitaraua
ESPERIMENTAZIORAKO TAILERRAK
Noiz: Irailak 3, 4 eta 5
Ordutegia: 09:30-13:30 eta 15:30-19:30
Gaiak: sorkuntza-dantza, adierazpena, antzezpena, joko eszenikoa…
Irakasleak: Ander Lipus, Maider Oiartzabal, Iñaki Ziarrusta, Ainara Gurrutxaga,Urko Redondo, Ainhoa Alberdi, Eñaut Gantxegi…
Izen ematea: abuztuaren 17tik irailaren 2ra bitartean (Tel. 943 371999 txerriki@gmail.com)
Prezioa: 90 € (hiru egunetako ikastaroak, ikuskizunak eta otorduak barne)
Plaza mugatuak izango dira.




Irailak 3, osteguna
Liburuaren aurkezpena: “Aktorearen artea XX. mendean: Ibilbide teoriko praktikoa, abangoardietan zehar” (Borja Ruiz)
19:00 Sutegi Kultur Etxeko auditoriumean
Antolatzaileak: Txerriki antzerki taldea eta Artedrama
Babeslea: Usurbilgo Udala
Hizlaria: Borja Ruiz
Sarrera: doan
Aurreko mendeko hogei sortzaile eszenikoei buruzko ikerketa egin du Borja Ruizek “Aktorea XX. Mendean” liburuan. Ibilbidea epilogoarekin amaitzen da, non Borja Ruiz begi bat iraganean eta beste begia etorkizunean izateko beharraz mintzo zaigun.

IKUSKIZUNAK
Irailak 3, osteguna
Antzezlan pieza laburrak
20:00 Sutegi Kultur Etxeko auditoriumean
Antolatzaileak: Txerriki antzerki taldea eta Artedrama
Babeslea: Usurbilgo Udala
Sarrera: doan
Antzezlanak:
-“Jan da ixo” “Lauetan Biok Seigarrenean” (Amaia Salazar eta Joseba Maiza)
-“Kazetariak” eta beste lan bat (Txerriki)

Irailak 4, ostirala
Antzezlana: “Gernikaren heriotza”
20:00 Udarregi Ikastolako patioan
Antolatzaileak: Txerriki antzerki taldea eta Artedrama
Babeslea: Usurbilgo Udala
Taldea: Zarauzko Alproja taldea
Sarrera: 2 euro, egunean bertan
Antzezlan honek musika eta ikusentzunezko muntaia uztartzen ditu.Gernikako bonbardaketaren eguna irudikatzen da: hasieran herri lasaia ikusiko du ikusleak, azoka… Gero, ordea, bonbak agertuko dira, eta hauekin batera, heriotza. Intentsitate handiko uneek ikuslea guztiz harrapatuko dute, eta ikusentzunezko muntaiak bonbardaketaren benetako irudiak erakutsiko ditu.

Irailak 4, ostirala
Helduentzako ipuin kontaketa
23:00 Artzabalen
Antolatzaileak: Txerriki antzerki taldea eta Artedrama
Babeslea: Usurbilgo Udala
Ipuin-kontalaria: Ixabel Agirresarobe
Sarrera: doan

Irailak 5, larunbata
Bakarrizketa barregarriak: “Apartamentua” eta “Neure itu maitia”
20:30 Artzabalen
Antolatzaileak: Txerriki antzerki taldea eta Artedrama
Babeslea: Usurbilgo Udala
Kontalaria: Jon Urraza
Sarrera: doan

Irailak 6, igandea
“Herioa eta dontzeila” antzezlanaren irakurketa dramatizatua Fito Rodriguezen eskutik
19:00 Sutegi Kultur Etxeko auditoriumean
Antolatzaileak: Txerriki antzerki taldea eta Artedrama
Babeslea: Usurbilgo Udala
Aktoreak: Ramon Agirre, Itziar Ituño eta Asier Sota
Sarrera: 2 euro, egunean bertan
Schubert-en “Herioa eta Dontzeila” musika entzutean, Paulina (Itziar Ituño) gaixotu egin ohi da, torturapean pasaturiko sufrikarioa gogora datorkiolako. Senarra, Gerardo (Asier Sota), giza eskubideen alde nabarmendu den abokatua du. Gobernuak diktadura garaiko krimenak ikertzeko batzordearen buru izendatu berri du. Etxera bueltan zetorrela, Gerardoren autoa matxuratu egin da. Eskerrak ezezagun batek, Roberto Miranda doktoreak (Ramon Agirrek), bide bazterrean ikusi eta bere autoan etxera eramateko mesedea egin dion. Baina etxera iristean, Paulinak Miranda hori torturatu zutenetako bat izan zela deskubritzen du. Hala uste du, behintzat.

